Herri kirolak Galdakaon igandean izango dira
Ekainaren 14an, Galdakaok Bizkaiko Trontza Misto txapelketa eta emakumezkoen Bizkaia Openeko ingude altxatze saioa eta harrijasotze erakustaldia antolatuko ditu. Ekitaldi hau Iturrondo plazan izango da, eguerdiko 13:00etatik aurrera, eta herri kirolak izango dira protagonista nagusiak.
Bizkaiko Euskal Joko eta Kirol Federakundeak antolatuta, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin egingo da ekitaldia, herri kirolak herritar guztiengana hurbiltzeko xedez, eta euskal kulturaren eta tradizioaren parte diren kirol modalitate hauek ezagutarazteko. Halaber, belaunaldi berrien artean ondare kultural hori transmititzeko asmoa du.
Bizkaiko Trontza Misto Txapelketan, bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bati 15 ebaki egin beharko dizkio, denborarik onena lortzeko lehiatuko dira. Parte hartzaileak hauek izango dira: Ainize Perez eta Julen Iturraspe (Urtza Herri Kirol Kluba); Oiane Gonzalez eta Bingen Erleaga (Piratak Herri Kirol Kluba); Olga Artiñano eta Txutxi Larrazabal (Urtza Herri Kirol Kluba); Leire Olea eta Aitzol Atutxa (Arkupe Sustabiz Kirol Elkartea); eta Eztizen Duque eta Ibai Criado (Gorostiza Herri Kirol Kluba).
Jardunaldia
Jardunaldian, gainera, emakumezkoen Bizkaia Openeko ingude altxatze saioa izango da. Bertan, Nerea Sanz eta Lucia Orbek Getxo Herri Kirol Taldekoak, eta Zihara Zabala eta Leire Astoreka Arkupe Sustabiz Kirol Elkarteko kideak arituko dira.
Ekimen honek Galdakao herri kirolen topagune bihurtuko du berriz ere, euskal ondare kulturala eta kirol diziplina ezberdinak sustatuz. Udalak herritar guztiak animatzen ditu Iturrondo plazara hurbiltzeko eta jardunaldi berezi honetaz gozatzera.
